Ceci bere alabarekin erretratatzera hurbildu zenean, ez zegoen beste inor erretratatzeko zain, eta horrek berekin luze hitz egiteko aukera eman zigun.
80 urte pasatxo izan arren, memoria freskoa du, eta Villegaseko bizitza nolakoa zen kontatzen aritu zitzaigun.
Kontatu zigunez, haurra zenean, ohikoa zen familiek 5, 6 edo 7 seme-alaba izatea, eta nola denek laguntzen zuten goizaldean segan, gurdia kargatzen etabar. Badirudi maiatzaren 1etik aurrera aitzur ttiki batekin joaten zirela zelaietara karduak kentzera, gariari lurreko zukuak kendu ez ziezazkion. Ohiko laboreak garia, oloa, edo garagarra ziren, azken hau etxeko animalientzat. Izan ere, ia etxe guztietan izaten zen ardirenbat gazta egiteko eta noizean behin arkumetxoren bat izateko.
Kontatu zigun, halaber, lainoak etortzen zirenean, bere buruari esaten ziola “ez ekartzeko harririk”, bestela kazkabarrak garia zanpatzen baitzuen. Eta, herrian kontatu digutenaren arabera, ohikoa zen kanpaiak jotzea laino horiek uxatzeko.
Berak oso kontziente esaten zigun, dena hobera joan dela; “lehen bizitza oso gogorra zen”, esaten zigun. Lan asko egitea egokitu zitzaien, eta hotz eta bero asko pasatzea. Hori bai, ilusioz. Bere ustez, orain baino zoriontsuagoak ziren, zenbat eta gehiago izan, orduan eta gehiago nahi bait dugu.
Cecik guretzat oso ohikoak ez diren esamoldeak eta hitzak erabiltzen zituen, eta guk hauek entzuteaz gozatu genuen, jada existitzen ez den urruneko mundu bat deskribatzen zigun bitartean. Eskerrik asko Ceci orduko bizitza nolakoa zen partekatzeagatik.