Alberto izan da gure aliatu handia herrian. Azken egunetan aitortu zigun, pena pixka bat eman geniola plazan bi egun igaro ostean hain erretratu gutxi egin genituela ikusirik; azken finean, herri bakoitzak bere erritmoa du. Iniziatiba hartu zuen eta erakusketan zintzilikaturik genituen argazkiei argazkia atera zien eta herriko Whatsapp taldean partekatu zuen partehartzea herritarren artean piztekotan. Momentu horretatik aurrera, dena aldatu zen.
Jatorriz Arrasatekoa da, eta 20 urte baino gehiago daramatza Orexan bizi dela, baina bere hitzetan, beti izango da “Mondrakoa”. Horrek “Herriko izateak” zer esan nahi duen hausnartzera bultzatu gintuen. Jaio dena al da herrikoa? Bertan bizi dena? Galdera gehiago sortu zitzaizkigun: herrikoagoa al da herrian jaiotakoa kanpotik datorrena eta komunitateari ekarpen handia egiten diona baino?
Galdera horiek guztiak, eta beste batzuk, herriko biztanle batzuekin partekatu genituen. Era guztietako erantzunak egon ziren, baina erantzun orokorra eta gure ondorioa da haurtzaroak markatzen digula gure sorlekua. Orduan sortzen dira gure sustraiak. Oroitzapenen, sentimenduen eta lekuaren arteko loturek sortarazten dute kidekotasuna.